Animalien eskubideen nazioarteko eguna

2022ko urriaren 29

Abenduaren 10ean animalien eskubideen nazioarteko eguna ospatzen da urtero. Iaz, Bilboko Plaza Eliptikoa hartu genuen, bertatik igarotzen ziren pertsonak gizakiz besteko animaliei eskubide moralak eta legalak aitortzeko beharraz jabearazteko. Izan ere, gizakiz besteko animaliek diskriminazioa jasaten dute giza espeziekoak ez izateagatik.

Gero eta gehiago, gizartea justiziarantz eta errespeturantz eboluzionatzen ari da, eta mundu osoko pertsonak animalien erabileraren kontra agertzen ari dira, gizakion objektu edo jabetza balira bezala tratatzeari utzi diezaiegun.

Animaliak subjektu sentitzaileak dira eta ez dute ez kaioletan ez ustiatuta egon nahi; aitzitik, bizitza libre eta duina izan nahi dute. Guztiok bezala, beren bizitza askatasunean bizi nahi dute, hartaz gozatu eta sufrimendua saihestu.

Sentitzeko gaitasuna dute animaliek, eta, ondorioz, oinarrizko eskubide batzuk izan beharko lituzkete, hala nola bizitzeko eskubidea eta gizakiontzako baliabide gisa erabiliak ez izateko eskubidea, erabilera horrek gizakiei onura badarkie ere. Egia esan, animalia bat ustiatzetik lortzen dugun onura edo gozamenak ezin du inola ere justifikatu animalia horien kontra egiten dugun bereizkeria eta zapalkuntza.

Gure ustez, bai administrazio publikoetatik, bai talde, gizabanako eta gizartearen aldetik, gure erantzukizuna da gurekin bizi diren animalia guztiei bizitza duina bermatzea, babesgabetasun-egoeran daudenean laguntzea eta animalia horien instrumentalizazioa, ustiapena eta abusua gertatzen ez direla bermatzea.