Espazio publikoetan animaliarik saltzen ez duen hiria nahi dugu

2022ko urriaren 31

Animalistak kolektiboko kideok publikoki salatu nahi dugu igandero Bilboko Plaza Barriko azokan objektuak bailiran saltzen diren animalien egoera larria.

Aipatu txorien, arrainen eta beste espezie batzuetako animalien bizitzak kaioletara, esposiziora eta salmentetara mugatuta eta kondenatuta daude. Sufrimendu horren aurrean, publikoa sorgor agertzen da. 

Animaliek sentitu egiten dute, eta, kasu honetan, euren habitatak lapurtuta edo gatibutasunean hazi eta bizi dira. Ez dute kaioletan edota ustiatuta bizi nahi; bizitza duin bat izan nahi dute. Gu guztiok bezala, aske bizi nahi dute, bizitza gozatu nahi dute eta sufrimendua ekidin nahi dute.

Era berean, gure haurrak espezismoan heztea, hots, espeziearen araberako diskriminazioan, ez da hezigarria. Astero ikusten ditugu nola igarotzen diren animalia hauen aurretik guraso edo zaintzaileekin batera, eta interesez so egiten diete. Alabaina, ez diete kontatzen animalia horiek nola iritsi diren haraino, zeintzuk izan diren jaiotzeko eta gatibatzeko prozesuak eta zein kalte eragiten dien jarduera horrek aipatutako izakiei.

Salmenta puntu horietan gizakiz besteko animaliak objektuak bailiran tratatzen dira, euren identitateak eta desirak desagerrarazita. Horren ondorioz, normaltzat jotzen dugu gainontzeko espezietako animaliak aisialdirako edo gure jakinmina asetzeko erabiltzea zilegia dela.

Hortaz, uste dugu administrazio publikoek euren gain hartu beharko luketela, bai kolektibo gisa, bai gizarte gisa, gurekin batera bizi diren animalien eskubideak errespetatzen direla eta bizitza duina dutela bermatzeko ardura. Gainera, administrazioen erantzukizuna da espezie ezberdinok partekatzen ditugun esparruotan gizakiz besteko animalien instrumentalizazioari, ustiapenari eta abusuari ez laguntzea.

Hori dela eta, gaitzespena erakutsi nahi dugu Bilboko Plaza Barrian hamarkadatan zehar egin den eta jarraitzen duen animalien salerosketa ibiltariaren aurrean. Bilboko hiribilduaren toki historiko hura bilbotarrak biltzeko eta bertan jaiak ospatzeko izan beharko luke bakar-bakarrik.

Ondorioz, Udalari bide ofizialetik eskatu diogu mota horretako negozioentzako lizentzia gehiagorik ez ematea, eta aipatutako jarduerak bertan behera utzaraztea, gaur egungo Bilbon ez baitute lekurik.

Gainera, change.org eskaera bat ireki dugu, eta kartelak itsatsi ditugu Bilbotik aipatutako animaliek sufritzen duten ustiapenaren arazoa gizarteari azaltzeko.

Change.org: https://www.change.org/p/ayuntamiento-de-bilbao-venta-de-animales-en-la-plaza-nueva-de-bilbao

Argazkiak: https://flic.kr/p/2mbg1qx