Antiespezismoarentzako txoko bat Durangoko Azokan 

2023ko abenduaren 8

Hiru liburu, ipuin bat, fanzine bat, audioliburu bat eta dokumental bat jarri ditugu salgai euskal antiespezistok

Euskal antiespezismoak salmahai bat izan du aurten Durangoko Azokan. Euskal talde antiespezistetako kideok eta gure aliatuok euskaraz sortzen ditugun produktuak salgai jarri ditugu Euskal Herriko animalien askapenerako mugimendua ezagutzera emateko eta ikusarazteko. Gerturatzen direnek, materialen artean, hiru nobedade topatuko dituzte:

  • Animalien askapenerako gogoetak fanzine eta audioliburuak tokiko hausnarketa laburrak, olerkiak, eta beste hainbat testu biltzen dituen liburuxka da, primerakoa antiespezismoa ezagutzen hasteko. Egilea: Zaunk. 
  • Goseak akabatuak liburuak kapitalismoaren eta espezismoaren arteko loturak azaleratu eta salatzen ditu. Egilea: Bob Torres, 2007. Itzulpena: Nor.  
  • Matxinorroprotesta haurrentzako ipuina da, zoologikoetan bizi diren animalien libre izateko grinaz diharduena. Egilea: Rosalba de Guzmán Soriano eta Klara Fernández. Itzulpena: Animalistak. 
  • Gizakiz bertze argitalpenak erreportajeak (EHko hiltegiei eta EHko zoo eta akuarioei buruzkoak, batzuk aipatzearren), hausnarketak, elkarrizketak, eta testu gehiago biltzen ditu. Egilea: Nor.
  • Aterpetuak liburua fotokazetaritza lan bikaina da, Wings of Heart santutegiak egiten duen lanari buruzkoa. Egilea: Aitor Garmendia/Tras los muros.
  • Gurean dokumentalak EHko jaietan gizakiz besteko animaliak nola ustiatzen ditugun azaltzen du, animalien sufrimendurik gabeko jai eredu berri bat eraiki dezagun aldarrikatzeko. Egilea: Askekintza.

Esfortzu kolektibo honen bitartez, euskal antiespezistok erakutsi nahi izan dugu Euskal Herrian animalien askapenerako mugimenduak euskararen normalizazioarekiko duen konpromisoa. Laboa zenak bazekien zerbait honen inguruan:

“Bat inon loturik deino, ez gara libre izango!”