Antiespezismoa ere euskararen alde!

2024ko martxoaren 25

Euskal Herriko mugimendu antiespezistak Noainen erositako kilometro antiespezistan parte hartu dugu

Animalistak kolektiboko kideok Korrikaren 551 kilometroan, Kilometro antiespezistan parte hartu dugu larunbat gau honetan, Noainen (Nafarroa). Horrela, Animalistak kolektiboko kideok eta euskal mugimendu antiespezistak euskararekiko dugun konpromisoa erakutsi dugu. “Euskarak eta antiespezismoak elkarren beharra dute”, dio Irene Barañano Animalistak kolektiboko kideak. Berari egokitu zaio lekukoa eramatea, Zaunk talde antiespezistako Olaia Garaialde kazetariarekin batera. “Gainontzeko hizkuntzetan antiespezismoari buruz hitz egiten da, eta euskara ezin daiteke atzean geratu. Horrez gain, antiespezismoak euskaraz egin behar du tokiko kulturari eta gizarteari egokitzeko; gurea dela sentitu behar dugu”, dio Barañanok.

Lekukoa eramatea Barañanori eta Garaialderi egokitu zaie euskal komunikaziogintzan antiespezismoak azken urteetan egindako lanaren ikur. Iragan abenduan, euskal antiespezismoak hiru argitalpen berri eraman zituen Durangoko Azokara euskararen eta animalien askapenerako mugimenduaren aliantzaren erakusgarri. “Antiespezismoa eta euskara biak daude ertzetan, bakoitza ertz ezberdinetan, eta hor sinergia asko sor daitezke, harreman pila bat”, dio Garaialdek. “Guk normalizatu dugu gazteleraz edo frantsesez hitz egin behar dugula, Euskal Herriko segun zein tokitan, eta normalizatu dugu ere zein harreman mota izan behar dugun gizakiz besteko animaliekin; hortaz, euskara eta antiespezismoa uztartzen baditugu askoz Euskal Herri askeagoa eraikiko dugu”.

Euskal Herriko mugimendu antiespezistaren kide batzuk Kilometro antiespezista egin aurretik