Bizitzak ala euroak?

2024ko azaroaren 6

Egun gogorrak izaten ari dira. Ezin dugu imajinatu valentziarrak bizitzen ari direna; zenbat bizitza apurtu diren. Kolpe gogorra izan da, eta etorkizunak aurpegi latza du.

Batzuei lekuz kanpokoa iruditu dakieke pertsonak hainbeste sufritzen ari diren momentu honetan gainontzeko animaliekin kezkatzea. Galdutako katuekin, itotako txakurrekin, haztegi bateko kaioletan harrapatuta hil ziren 42.000 oiloekin, eta abar.

Horrelako gertakizunek, baina, argi erakusten digute gizakiok ingurumenaren parte garela, eta okupatzen ditugun espazioak naturarekin eta animaliekin elkarbanatzen ditugula. Ekosistemaren parte gara.

Ez dugu jakingo zenbat bizitza galdu diren, zenbat norbanako ito diren, zenbat sufrimendu egon den. Badakigu, halere, sistema espezista honentzat, animaliak baliogarriak direla beraiengandik etekin ekonomikoa atera badaiteke. Sistemak ez ditu gizabanako gisa ikusten eta, beraz, egunerokoan esplotatuak diren animalien heriotzak galera ekonomiko bezala zenbatuak izango dira. Eurotan, alegia.

Hemendik, urrun dagoen hurbiltasun honetatik, besarkada handi bat bidali nahi diegu hondamendi honen gainetik gizakiak eta gizakiz besteko animaliak erreskatatzen eta zaintzen ari diren guztiei.

Elkartasunak ez du espezierik.

#KaiolakSuntsitu