Keto: erresistentziaren ikur
Keto orka 6 metro luze zen, eta 8 eta 12 metro arteko sakonerako tanke artifizial batean bizi zen, 120 metro luzea. Kaiola horretan bizi izan da 2006tik, Tenerifeko Loro Parqueko urezko kaiolan. Guztira, 29 urte pasa ditu preso, azaro honetan, argitu ez diren arrazoiengatik hil den arte.
Keto ozeanoa ezagutu barik hil da, ez horixe libre izateko zuen grina adierazi barik. Orlandoko SeaWorld gizakien aisialdirako parkean jaio zen, kautibitatean. Bere ama, Kalina, SeaWorlden jaiotako lehen orka izan zen. Ketok lau urte bete aurretik, zaintzaileek bere izaera bortitza salatu, eta San Diegoko SeaWorld parkera eraman zuten, “bere izaera baretzen saiatzera”. Hortik, Ohioko eta San Antonioko SeaWOrld parkeetara ere eraman zuten, eta, 2006an, 7 urte zituela, Tenerifeko Loro Parqueak erosi zuen. Tamalez, 2009an, Keto mundu mailan ospetsu egin zen bere entrenatzaileetako bat hil zuelako publikoaren aurreko ekitaldi batean.
Keto ez da, baina, bere entrenatzaileak hil dituen orka bakarra izan. Islandiako itsasotik hartu zutenetik Orlandoko SeaWorlden preso bizi izan zen Tilikum orkak (1981-2017) hiru pertsonaren hilketetean hartu zuen parte, horietako bi, bere entrenatzaileak. Blackfish (2013) dokumentalak Tilikumen bizitza jaso zuen. Nootka IV eta Haida II orkek, Tilikumekin batera hartu zuten parte heriotzetako batean. Horiek ez dira izan aisialdiaren industriak preso izandako orkek eragindako eraso bakarrak. Eraso horien ondorioek, batzuetan, eragin zuzena izan dute orkengan: publikotik urrundutako tanke txiki batean bizitzera kondenatu, beste parke batera lekualdatu (ezagutzen duten familiarengandik urrunduta) eta euren seme-alabak beste parke batera eramatea. Giza bortizkeriaren aurrean, erresistentziaren ikur dira, halabeharrean.
Ketoren eta beste hainbat orkaren bizitza eta heriotza ez dira tragedia isolatu bat, beste animalia batzuen bizitza giza entretenimendurako instrumentalizatzen duen sistema baten sintoma baizik, haien sufrimendua iraunaraziz eta haien autonomia deuseztatuz.
Ketoren kasuak gonbidatzen gaitu gizakiak ez diren animaliak nola baloratzen eta tratatzen ditugun hausnartzera. Espezismoak, gizakien interesak beste espezie batzuenen gainetik lehenestean, Keto bezalako animalien ustiapen sistematikoa legitimatzen du, kontsumorako edo ikuskizunetarako objektuetara murriztuz. Logika antropozentriko hori bidegabea izateaz gain, bizitza bere forma guztietan errespetatzen duen etika zabalago batetik deskonektatzen gaitu gizakiak. Ketoren heriotzak dei bat izan behar du gatibualdiaren industria abolitzeko eta izaki sentitzaile guztien askatasuna eta duintasuna balioesten dituen gizarte bat eraikitzeko, presoen espeziea edozein dela ere.