Jill Phipps gogoan

2025ko otsailaren 1
|

❤️‍🩹 30 urte bete dira animalien askapenerako borroka markatu zuen tragedia bat gertatu zenetik.

Animalien askapenerako ekintzailea zen Jill Phipps britainiarra Coventryko aireportuan (Ingalaterra) hil zuten, txahalak esportatzearen aurkako protesta batean.

Zapalkuntza espezistari aurre egiten eman zuen bizitza Phippsek. Etekin ekonomikoa gizakiz besteko animalien duintasunaren gainetik jartzen duen sistema salatzen zuen. Kamioilari batek erail zuen; bere ibilgailuarekin, txahalen esportazioaren kontra protestatzen ari ziren manifestarien lerroa zeharkatu eta Phipps harrapatu zuen. Erailketa hori mugarri bat izan zen animalien askapenerako borrokan, eta sistema bidegabe honi aurre egiteko pertsona batzuek ordaindu duten kostu handia gogorarazten digu.

Jill Phippsen ahotsa inoiz baino ozenago entzuten dugu gaur, animalien esplotazioak sistematikoa eta normalizatua izaten jarraitzen duen une honetan. Phippsen bizitza inspirazio iturri dugu gizakiz besteko animalien bizitzek gizakionek besteko balioa dutela uste dugunok.

Urteurren triste honek gure hautuez hausnartzera gonbidatzen gaitu, baita animalienganako indarkeria betikotzen duten egiturak zalantzan jartzera ere. Bere memoriak izaki sentitzaile guztien bizitzeko eskubidea aitortzen duen mugimendua eraikitzen jarraitzera bultzatzen gaitu.