Heldu da BABaren, Bilboko Azoka Beganoaren 4. edizioa
Bertso bazkaria eta herri kirol antiespezistak izango dira aurtengo nobedadea. Horrez gain, ohiko tatto flash solidarioa, azoka eta hitzaldiak ere izango dira.
📍 Karmela, Santutxu (Bilbo)
📅 Apirilaren 26an, zapatua
Badator antiespezismoa Bilbora ekartzen duen azoka bakarra. Apirilaren 26an, zapatua, Bilboko Azoka Beganoaren (BAB) 4. edizioa hartuko du Karmela guneak (Santutxu, Bilbo), Animalistak kolektibo antiespezistak antolatua. Aurten, berrikuntza gisa, herri kirol antiespezistak izango dira Karmelako jolastokian, 13:00etan. Jarraian, bertso bazkaria izango da bi bertsolarirekin: Janire Arrizabalaga gernikarra (@janire_arri03, Instagramen) eta Izaro Bilbao mungiarra (@izxro). Bazkari goxoa gozatu bitartean, bizitzari buruz duten ikusmoldea helaraziko digute, bertsoz. Bazkaria Hakuna Matata Familia Animalista protektorako kideek prestatuko dute, @trippylaura-k sukaldatuta. Jasotako dirua protektoraren albaitaritza gastuak ordaintzeko bideratuko da.

Bertso bazkarirako informazio garrantzitsua:
Gomendagarria da aurretik izena ematea. Gutxi gora behera zenbat izango garen jakin dezagun, idatzi @hakunamatatafamiliaanimalista Instagram kontura mezu bat, edo email bat hakunamatata.familiaanimalista@gmail.com e-posta helbidera. Antolatzaileek eskertuko dute izen emateak BABaren aurreko osteguna baino lehen egitea, hots, hilaren 24a baino lehen.
Bazkaria glutenik gabekoa izango da, baina beste motatako alergiarik edo intolerantziarik baduzu esaiguzu!
Egun osoan zehar, azoka izango da Karmelako sarreran eta jantokian, hainbat arlotako postuekin: bertan hartzeko janari-edariak, etxera eramateko kontserbak, artistak, santutegi eta kolektiboen informazio mahaiak, eta abar.
Horrez gain, tattoo flash solidarioa ere egongo da, sei tatuatzaileren eskutik. Hauexek dira euren instagram profilak: @ares.para.bellum, @tierna.tattoo, @mio_gago_tattoo, @julianapadilla___, @tattoojohansebastian11 eta @karenlegendarytattoo. Bildutako dirua, Hakuna Matata Familia Animalista protektorak dituen albaitaritza eta zaintza gastuak ordaintzeko izango da.
Hitzaldiak goizeko 11:00etan hasiko dira, La Porvenirren eskutik. Lehen hitzaldi horrek “Antiespecismo y renuncia a la psiquiatrización en la práctica” izenburua izango du, eta psikiatrizazioaren eta espezismoaren arteko loturak aztertuko ditu.
Arratsaldean, herri kirol antiespezisten eta bertso bazkariaren ostean, ekologismoaren eta antiespezismoaren arteko erlazioaren inguruan eztabaidatzeko, mahai inguru bat izango da, eta, ondoren, hausnarketa horren ideia garrantzitsuena oinarri hartuta, tailer artistiko bat eskainiko du Eurie Cierbide artistak.
Bukatzeko, literaturari buruzko hitzaldia izango da Animalia Ikasketa Kritikoak (AIK) taldearen eskutik: “Nola idazten dugu animaliei buruz? Espezismoa, zapalkuntzak eta erresistentziak literaturan”. Bertan, literaturan adituak diren Irati Jimenezek eta Ane Belen Ruiz-Lejarceguik literatura antiespezismotik sortzen al dugun hausnartuko dute UPF-Centre for Animal Ethics zentroko kidea den Olatz Aranceta-Reboredok gidatuta.
Hitzaldi guztiak Streaming bidez eskainiko dira Animalistaken Youtube kanalean, eta grabatuta geratuko dira. Horrez gain, euskaraz direnetarako, zuzeneko interpretazio zerbitzua eskainiko da, gaztelerara. Hortaz, uste baduzu gaztelerarako interpretazioa beharko duzula, eraman zure mugikorra eta entzungailuak, ahal baduzu, Telegram aplikazioa instalatuta.
Karmelan bertan Txikigune bat dago, eta irekita egongo da, umeek bertan jolasteko gurasoek BABa ikusi bitartean. Halere, Animalistak ez da Txikigunearen zaintzaz arduratuko, erabat autogestionatua izango da. Txakurrak ere ongietorriak izango diren arren, antolatzaileok uste dugu ez dela eurentzat gune egokiena, jasan ditzaketen gehiegizko estimuluen eta estresaren ondorioz.

BABaren gunea antiespezista eta intersekzionala izango da. Hori dela eta, ez dugu inolako indarkeria edota diskriminazio motarik onartuko: ez eraso arrazistarik, ez transfoborik, ez espezistarik, ez lodifobikorik, ez euskarafoborik, ez ezer. Gizakiaz besteko animalienganako errespetua zabaltzeko ekintza den heinean, ez da eurenganako inolako erasorik ere onartuko. BAB animalien esplotaziorik gabeko gune segurua izango da. Espazio segurua izan dadin bermatzeko, zaintzaz arduratuko den pertsona bat izango da BABean bertan, behar bezala seinaleztatuta. Edozein zalantza izanez gero edo edozelako eraso pairatu edo ikusiz gero, pertsona horrengana zein Animalistaken postura jo ahalko da, egoera kudeatzeko laguntza eskatzera.
Animalien askapenerako bidean, pauso bat gehiago dugu aurtengo Bilboko Azoka Beganoa. Ez garelako libre izango danok libre izan arte.
Muxu bat eta BABera arte!